Lehen Hezkuntzako 8 urtetik gorako ikasleen %55 oinez joaten da Getxoko bere ikastetxera, baina gehienak pertsona heldu batekin joaten dira; %25ek autoz egiten dute ibilbidea; %15ek eskola-autobusa erabiltzen dute, eta %2k baino ez bizikleta, Eskola Bidea proiektuaren lehen fasean egindako diagnostikoaren emaitzek erakusten dutenez. Udalak bultzatutako ekimena da hori. Udalerriko 13 ikastetxeek parte hartzen dute bertan, eta egitasmoaren erronka da Lehen Hezkuntzako ikasleak beren ikaskideekin eskolara joan daitezen lortzea. Horri esker, mugikortasun iraunkorreko jarraibideak edo ohiturak hartu ahal izango dituzte eta beren segurtasunaz arduratzen ikasi ahal izango dute, familia kontziliazioa bultzatzen den aldi berean.
Ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek, AMPA guraso-elkarteek eta irakasleek diagnostiko hori egiteko aukera eman dute. Azterlan horren helburu nagusia, ikasleen eta haien familien mugikortasun-ohiturei eta gure kaleen segurtasunari eta irisgarritasunari dagokienez udalerriaren hasierako egoera ezagutzea izan da.
Diagnostikoan islatzen den bezala, ikastetxe bakoitzaren errealitatea oso aldakorra da ikasleen jatorriari, mugikortasun ohiturei eta beste alderdi batzuei dagokienez. Ikasleen %52 ikastetxetik kilometro batera baino gutxiagora bizi dira, eta distantzia hori oinez egiteko modukoa da. %16k 5 minutu baino gutxiago behar dituzte zentrorako bidea egiteko; %29k 5-10 minutu eta %54k 10 minutu baino gehiago behar du ikastetxera iristeko. Urrutien bizi dena gune baztertuetan dauden zentroetan ikasten duena da. Familiakoei eta ikasleei egindako inkesten arabera, %79 pertsona heldu batekin joaten da ikastetxera, eta gainerako %21a bakarrik edo lagunekin joaten da.
Laster hasiko da proiektu honen bigarren fasea, hau da, ekintzaplana abiaraziko duena. Hainbat lantalderen bidez ikasleak eskolara joateko bide seguruak diseinatuko dira. Lantalde horietan ikasleek, familiek eta irakasleek ez ezik, interesa duen edonork ere parte hartu ahal izango du.
Getxoko Eskola Bidea egitasmoaren arrakasta auzokideen konplizitatearen araberakoa da. Horregatik, udal Ingurumen Sailak herritar guztiak gonbidatzen ditu ostegunean, hilak 16, 17:30ean Algortako Kultur Aretoan (Villamonte) egingo den jardunaldi irekian parte hartzera. Jardunaldi horretan Eskola Bidea proiektua aurkeztuko da eta orain arte horren inguruan egindako lana azalduko da. Sarrera librea izango da lekua bete arte.

