Udalak txakurrentzako bi gune berri prestatuko ditu, itxiak eta ekipamenduarekin, Algortako Bostgarrena eta Iturribarri kaleetan, aurten garatutako Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesuaren emaitza betez. Obren multzoak 47.000 euro inguruko inbertsioa ekarriko du, eta lanak urtea amaitu arte luzatzea aurreikusten da.
Partaidetzako zinegotzi Gorka Mostajok adierazi duenez, “proiektu honekin 2025eko Aurrekontu Parte-hartzaileen esparruan herritarrekin hartutako konpromisoetako bat betetzen da. Espero dezagun getxoztarrek, beren maskotekin batera, herritarrengandik eta herritarrentzat sortutako espazio berri horiez gozatzea”. Era berean, herritarrak animatu ditu “etorkizuneko parte-hartze prozesuetan proposamenak egiten eta parte hartzen jarraitzera, guztion artean Getxo hobe bat eraiki ahal izateko”.
Bestalde, Ingurumen Zerbitzuko zinegotzi Iñigo Urkitzak Udalak zuhaitz-espezieak berreskuratzeko duen konpromisoa nabarmendu du. “Proiektu honek zuhaitzak berreskuratzeko eta azpiegitura berdea hobetzeko dugun konpromisoa indartzen du. Aleak eremu horietara lekualdatzen ditugu, geldialdi begetatiboaren hasiera aprobetxatuz, eta, hala, CO2 emisioak murrizten dituzten, babes klimatikoa eskaintzen duten eta herritarrek eskatutako eremuetan integratzen diren espazioak sortzen ditugu; halaber, gure etxe-animalien gozamenerako eremuak berreskuratzen ditugu, eta ingurune jasangarriagoak eta erakargarriagoak sortzen”.
Aurreikusitako jarduerak
Bostgarrenan, gutxi gorabehera 130 metro linealeko perimetroa duen esparru itxi bat eraikiko da zelaian. Bertan, funtsezko zerbitzuetako eta larrialdietako ibilgailuak igarotzeko bateraezintasunagatik Miramar, Bilbao eta Andres Isasi kaleetatik kendutako zuhaitzak landatzen ari dira. Transplante horiek azpiegitura berdea hobetzen lagunduko dute, babesleku klimatikoen udal sarean integratuko diren egonlekuak sortuz, GJHekin eta Europar Batasunaren neutraltasun klimatikoko eta deskarbonizazioko 2050 estrategiarekin lerrokatuta. Beste kale batzuetatik transplanteak egiten jarraituko da, hala nola San Inaziotik, non egoera bera gertatzen den, eta, horrela, larrialdietako ibilgailuak igaro ahal izango dira.
Zelaian integratuta, eremu horretan txakurrentzako agility gune bat egongo da (modalitate lehiakor horretan, gidari batek txakur bat zuzentzen du hainbat oztopo gainditzeko, eta oztopo horiek modu garbian eta ahalik eta zehatzenean libratu behar ditu, erlojuaren aurka lehiatuz). Honako elementu hauek izango ditu: jauzi sinpleko hesiak, gelditze-mahaia, oholesia, kulunka, slalom-a, pasabidea, jauzi-gurpila eta tunela.
Gainera, esparru itxian sartzeko bi ate egongo dira, bakoitza 2 metroko zabalerakoa, inguruan dauden elementuak identifikatzen dituen kartela, pet friendly iturria edo txakurrentzako ur-iturria, zakarrontziak eta eguzkitan eta itzalpean dauden eserlekuak.
Azkenik, Iturribarrin, egun dagoen txakurrentzako gune irekiaren ondoan, espazio berri bat prestatuko da, 45 m x 25 m-ko itxitura izango duena, eta sartzeko bi ate izango ditu, bakoitza 2 metro zabal. Eta Bostgarrenan bezala, agility gune bat integratuko da elementu berberekin, pet friendly iturria, paperontziak eta eguzkitan eta itzalpean dauden bankuak.


