Getxoko ikasleek anfibioentzako urmael bat eraiki dute Larrañazubiko Ingurumen Aretoan

Getxoko 11 ikastetxeetako ikasleek anfibioentzako urmael bat eraiki dute Larrañazubiko Ingurumen Aretoan. Ekintza gaur astearte goizean bertan burutu dute Eskolako Agenda 2030 programaren barruan. Izan ere, programa horrek iraunkortasuna, ikasleen parte-hartzea eta ingurunearekiko konpromisoa sustatzen ditu. “Urmaela eraikitzeko ekimen honen helburua, ikaskuntza praktikoa, tokiko biodibertsitatea hobetzea, horren kontserbazioaren eta zaintzaren garrantziaz sentsibilizatzea eta ikasleak ingurumena hobetzeko benetako proiektuetan inplikatzea sustatzea da”, zehaztu du Carlos Sergio Ingurumen arloko zinegotziak.

Urmaela herritar guztiek bisitatu dezakete, eta anfibio espezie ezberdinen presentzia sustatzeko diseinatuta dago, hala nola igelak, apoak edo uhandreak, baita ekosistema horiekin lotutako beste organismo batzuk ere.

Urmaelaren eraikuntzaz gain, jardunaldian zehar ingurumenaren hobekuntzarako beste hainbat ekintza ere burutu ziren: hondakinen garbiketa, espezie inbaditzaileak kentzea eta hegaztientzako habia-kutxak zein liztor asiarrentzako tranpak jartzea.

Ekintza hau bi urtez egindako lanaren emaitza izan da; prozesu horretan, ikasleek irakasleekin eta Zabalketa bezalako elkarteekin elkarlanean aritu dira beren udalerriko ingurumena benetan hobetzeko. Bertan, ikasleek martxoaren amaieran antolatu zen prestakuntza-hitzaldi batean urlehortarrentzako urmaelen diseinuari eta eraikuntzari buruz eskuratu dituzten oinarrizko ezagutza teknikoak aplikatu ahal izan dituzte. Saio hartan 70 ikasle inguruk parte hartu zuten irakasleekin batera, eta anfibioentzako urmaelak eraikitzen eta habitatak lehengoratzeko proiektuetan aditua den lagun batek eman zuen. Horrek, ekosistemen osasunaren adierazle diren anfibioen garrantzia nabarmendu zuen, baita haien habitatak babesteko beharra ere.

Related posts