Joan den maiatzaren 19an, Getxok Eskolako Agenda 2030eko Eskolarteko Foroaren edizio berri bat hartu zuen. Bertan, udalerriko 11 ikastetxetako 21 ikaslek parte hartu zuten, Eusko Jaurlaritzak sustatutako programa honen baitan.
Foroaren helburu nagusia ikasleek ikasturte honetan garatutako ekintza eraldatzailea partekatzea, baloratzea eta ikusgarri egitea izan zen: anfibioentzako putzu baten eraikuntza. Ekimen honen xedea tokiko biodibertsitatea sustatzea eta inguruko ekosistemak hobetzea izan da.
Jardunaldian zehar, ikasleek egindako ekintzaren eragina aztertu zuten, eta ingurune naturalak berreskuratzearen garrantziaz hausnartu zuten; izan ere, espazio horiek babesleku bihurtzen dira igel, apo eta uhandre bezalako espezieentzat. Horrez gain, prozesu osoan zehar ikasitakoa partekatu zuten, eta ikastetxeen eta komunitatearen arteko elkarlanaren balioa azpimarratu zuten.
Foroak etorkizunera begiratzeko aukera ere eman zuen. Esperientzia baloratu ondoren, ikasleek ingurumenaren aldeko hobekuntza-konpromiso berri bat adostu zuten eta Getxoko Udalari zuzendutako hobekuntza-proposamen bat landu zuten. Horrela, berriro ere erakutsi zuten herri jasangarriago eta Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) konprometituago baten eraikuntzan eragile aktibo direla.
Horrelako topaketek agerian uzten dute haur eta gazteen parte-hartzea funtsezkoa dela ingurunean benetako aldaketak sustatzeko, herritar kritikoak, arduratsuak eta ingurumenaren zaintzarekin konprometituak hezten lagunduz.
Ekimen honi esker, Eskolako Agenda 2030 programa gero eta sendoagoa da Getxon, ikasleen ahotsa etorkizun jasangarriago baten aldeko aldaketaren motor bihurtuz.
