Urtero martxoaren 14an Ibaien aldeko Munduko Ekintza Eguna ospatzen da, ibaien zaintza eta babesa sustatzeko helburuarekin. Planetan betetzen dituzten zerbitzuak eta funtzioak kontaezinak badira ere, honako hauek aukeratu ditugu:
– Ibaiek biodibertsitateari eusten diote. Ibaiak zaintzen ditugunean, planetako biodibertsitatea zaintzen ari gara; izan ere, gure planetako 126.000 arrain, narrasti, molusku, landare, intsektu eta ugaztun espezie baino gehiago bizi dira ibai, laku eta hezeguneetan.
– Hiriei eta beste giza populazioei ura ematen diete.
– Herrien arteko komunikazio-bideak dira.
– Ura ematen digute nekazaritzarako eta abeltzaintzarako, industrietarako eta beste jarduera ekonomiko batzuetarako.
– Energia berriztagarria sortzen dute.
– Lur emankorrak sortzen dituzte ertzetan.
– Aisialdirako eta erlaxaziorako espazioak eskaintzen dituzte.
Ekintzara pasatzeko ordua da!
Horregatik guztiagatik, martxoaren 15ean hondakinen bilketa antolatu dugu Bolue inguruan, 11:00etatik (hezeguneko ponpa-etxetik) 13:00ak arte. Parte-hartzaileek, beharrezko materialez gain (eskularruak, kuboak, poltsak, etab.), doako hamaiketako osasungarri bat jasoko dute indarrak hartzeko.
Animatzen zara ekintzara pasatzera?

