Tximeletak dira berriz ere protagonista Udal Ingurumeneko Unitateak antolatutako “GetxoNatura, ezagutu eta zaindu” jardunaldi tekniko-dibulgatiboetan. Oraingo honetan, eguneko eta gaueko tximeletei buruzko bi tailer izango dira, maiatzaren 16an, larunbata, emango direnak. Getxoko lepidopteroak ezagutzen jarraitzea da helburua, aurreko edizioetan lortutako zerrenda eta emaitzak zabalduz (https://www.getxo.eus/eu/medio-ambiente-movilidad/biodiversidad/informes1).
Bi tailerrak landa-eremuan emango dira oso-osorik. Eguneko tximeletak aztertzeko eta ezagutzeko irteera 11:00etatik 14:00etara egingo da, oraindik erabaki gabe dagoen leku batean. Gaueko tailerra Ingurumen Aretoaren inguruan edo zehazteke dagoen beste leku batean egingo da, ilunabarrean. Bi jardueretarako parajeak egun horretako eguraldi iragarpenaren arabera erabakiko dira.
Sitsak aztertzeko, argi tranpa batzuk jarriko dira, erakartzen saiatzeko. Bi tailerretan, hautemandako aleak sailkatu eta identifikatuko dira, eta haien biologiari, taxonomiari eta hainbat bitxikeriari buruzko xehetasunak azalduko dira. Irteeretan, sortzen diren Getxoko biodibertsitatearen beste alderdi batzuk landuko dira. Tailer horiek Fernando Jubete entomologo eta naturalista adituak emango ditu, BOLUE Ingurumen Ikerketak enpresako Xabi Buenetxearekin batera.
“Tximeletak ezagutuz” tailerretara joateko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, posta elektroniko bidez, ohiko helbide honetara: boluenatura@gmail.com, egin nahi den tailerra adieraziz, sitsena, egunekoena edo biak. Gogoratu jarduera horiek haurrei zein gazteei zuzenduta daudela, eta ikuspegi tekniko-formatibo-dibulgatzailea dutela. Beraz, haur txikiekin joanez gero, nagusiek lagundu beharko diete une oro. Hotz egiten badu, arropa erosoa eta berokia eramatea gomendatzen da. Gainera, eguraldi ona ez bada eta euri-jasak badira, litekeena da jardunaldia bertan behera uztea.
