Hondakin organikoaren bereizketa sustatzeko ‘A ze marroia/El gran marrón’ kanpainaren karabana ibiltariak Getxo bisitatuko du bi egunez: larunbat honetan, martxoak 7, 10:30etik 14:30era, Areetako Geltokiko plazan egongo da, eta apirilaren 17an, ostirala, 11:00etatik 18:00etara, Algortako Geltokiko plazan.
Kanpaina, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta Garbiker sozietate publikoaren bidez, urtarrilaren amaieran abiatu zen eta maiatzera arte egingo da, lurraldeko 28 udalekin koordinatuta, udalerri bakoitzaren ezaugarri eta beharretara egokituta. Aurrez aurreko ekintzak egitea aurreikusten du, hondakin organikoa behar bezala bereiztea eta edukiontzi marroian uztea sustatzeko, funtsezko ekintza baita gaikako bilketa hobetzeko eta hondakinen kudeaketa jasangarriaren arloan 2030erako ezarritako helburuetarantz aurrera egiteko. Hondakin organikoak errefusaren zati nabarmena izaten jarraitzen du. Hondakinak behar bezala bereiztea funtsezkoa da hondakinak kudeatzeko sistemaren eraginkortasuna hobetzeko eta ingurumen-inpaktua murrizteko.
Kanpaina hurbila eta hainbat publikori egokitua
Udalerrian dagoen bitartean, karabanak informazio-gune bat jarriko du herritarrek lehiaketetan eta jardueretan parte hartu ahal izateko, hondakin organikoa behar bezala bereizteari eta kudeatzeari buruz dituzten ezagutzak probatzeko. Era berean, zenbait udalek, hala nola Getxokoak, dagoeneko ezarri dituzten edukiontzi marroia identifikatzeko eta ixteko sistemei buruzko informazio praktikoa emango da.
Kanpainak arreta berezia eskaintzen die gazteei, ikastetxeetara bisitak eginez, eta horietan jarduera dinamikoak egingo dira, hala nola errealitate birtualean murgiltzeko esperientziak eta txiki-txikitatik ohitura arduratsuak sustatzeko diseinatutako prestakuntza lehiaketak.
Ostalaritzaren sektoreak (HORECA), halaber, sentsibilizazio-ekintza espezifikoak izango ditu, eta establezimenduei nahiz bezeroei zuzentzen zaien dibulgazio-materiala banatuko da.
Ekimenaren osagarri izango dira sare sozialetako edukiak eta ekintzak, bai eta kontsultarako tresna digital erraz bat ere, edukiontzi marroiaren erabilerari buruzko zalantzak argitzeko.
Udalak martxoaren 7an eta apirilaren 17an ‘A ze marroia/El gran marrón ‘karabanara hurbiltzeko eta udalerri jasangarriago baterantz aurrera egiteko ekimen honetan aktiboki parte hartzeko deia egiten die herritarrei.

